Nola diagnostikatzen da endometriosia?
Batzuetan ez da erraza izaten endometriosia diagnostikatzea; izan ere, gaixotasunaren bereizgarria da batez beste 10 urteko atzerapena izatea haren diagnostikoak.
Diagnostikoa atzeratzen duten arrazoi nagusiak honako hauek dira:
- Gizartean garrantzi txikia izatea eta min menstruala eta halako sintomak normalizatzea.
- Sintomen larritasunaren eta gaixotasunaren hedapen anatomikoaren arteko loturarik ez egitea (diagnostiko erradiologikoa zailtzen du horrek).
Susmo klinikoa
Endometriosi baten susmoa eragin behar digun sintoma dismenorrea neurritsua edo bizia da, bereziki lehen aukerako tratamenduekin hobetzen ez bada. Gainera, endometriosia duten emakumeek beste sintoma mingarri batzuk ere izaten dituzte, hala nola menstruaziotik kanpoko pelbiseko mina eta mina sexu-harremanak izatean (dispareunia).
Miaketa ginekologikoa
Miaketa ginekologikoa egitean, endometriosia iradokitzen duten aurkikuntzak ager litezke. Bi eskuen bidez haztapena eginda, zuntz-noduluak uki daitezke umetoki- eta sakro-lotailuen eremuan eta baginaren atzeko zaku-hondoan. Umetokiaren eta anexuen mugikortasuna ere balora daiteke, atxikidura irmoak edo endometriosi sakonaren zantzuak egon litezke eta. Alabaina, garrantzitsua da jakitea miaketa ginekologiko normal batek ez duela endometriosia baztertzen.
Irudi-proba diagnostikoak
Endometriosiaren irudi bidezko diagnostikoa ekografiarekin edo erresonantzia magnetikoarekin egin daiteke. Biak dira oso zehatzak, baina ekografia ginekologikoa eskuragarriago dago kontsultetan, eta, honenbestez, lehen aukerako tresna diagnostikotzat har liteke.
Bi irudi-probak onak dira endometriomak eta endometriosi sakona diagnostikatzeko, baina ez, ordea, azaleko peritoneo-endometriosia diagnostikatzeko. Horrek esan nahi du proben emaitza negatiboa izateak ez duela gaixotasuna baztertzen.
Laparoskopia
Laparoskopia, duela urte batzuk arte, endometriosia diagnostikatzeko hautatu beharreko proba diagnostikotzat hartzen zen. Hala ere, urteetan zehar, endometriosiari (nola medikoa hala kirurgikoa) heltzeko modua aldatzen ari da, eta irudi-probek geroz eta zehaztasun diagnostiko handiagoa dutenez gero, geroz eta gutxiago erabiltzen da laparoskopia proba diagnostiko gisa.
Leire Goyeneche
Niri buruz
Obstetrizia eta Ginekologiako espezialista eta Medikuntzako doktorea naiz, eta oinarri sendoa daukat ikerketa eta endoskopia kirurgiko aurreratuan. Nire ikuspegiaren muina da zehatz-mehatz diagnostikatzea pelbiseko mina eragiten duten patologiak eta, ildo horretan, hurbilketa integral eta pertsonalizatu bat eskaintzea.
Kontaktua
Eskatu zure kontsulta
Bete formularioa eta ahalik eta lasterren zurekin harremanetan jarriko naiz zure hitzordua adosteko.

Eskatu zure lehenengo kontsulta