Zer da eta zergatik sortzen da sindrome genitourinarioa?
Perimenopausian eta menopausiaostean, pixkanaka murrizten da hormona sexualen sorkuntza (estrogenoak, progesterona eta hormona androgenikoak). Gainbehera hormonal horrek aldaketa ugari eragiten ditu emakumearen gorputzean, nola fisikoki hala emozionalki, eta aldaketa horien intentsitatea emakume bakoitzaren araberakoa da.
Menopausiara arteko trantsizio-etapa horrekin maizen lotzen diren sintoma ginekologikoak hauek dira: ziklo menstrualaren erregulartasunaren eta fluxuaren alterazioa, beroaldiak eta sindrome genitourinarioa.
Menopausiaren sindrome genitourinarioak (MSG) bizi-etapa horretan diren emakumeen erdiari eragiten dio. Oso garrantzitsua da emakumeen bizi-kalitatean eragin larria izateko arriskua dakarrelako; horregatik, diagnostiko goiztiar bat egitea funtsezkoa da, bai eta tratamendu eraginkor bat abiaraztea ere, sindromeak aurrera egin ez dezan.
Zergatik sortzen da sindrome genitourinarioa?
Emakumearen ugalketa-etapan, aparatu genitourinarioak estrogenoen eta beste hormona sexual batzuen estimulu hormonala jasotzen du, bere anatomia eta funtzioa mantentzeko.
Gainbehera hormonalaren hasieran, eta bereziki menstruazioa amaitu ondoren (menopausia), kanpoko aparatu genitalak (bagina eta bulba) eta gernu-sistemak aldaketa anatomikoak pairatu ohi dituzte, eta horrek sindrome genitourinarioaren sintomak agertzea laguntzen du. Genitalen larruazala finagoa eta lehorragoa bihurtzen da, elastikotasuna galtzen du eta lubrifikazioa gutxitzen da, eta horrek lehortasun baginala eta sexu-harremanetako mina agertzea laguntzen du. Baginaren pH-a eraldatzen da, eta errazago hartzen dira infekzio bulbobaginalak. Pelbis-zoruaren muskulaturan aldaketak gertatzen dira, eta, honenbestez, areagotu egiten da inkontinentzia, gernu-infekzioak eta organo pelbikoen prolapsoa izateko arriskua.
Perimenopausian gertatzen diren aldaketa hormonalekin erlazionatu ohi da sindrome genitourinarioa klasikoki, hots, 45-47 urtetik aurrera. Alabaina, kontuan izanik farmako gonadotoxikoekin tratatutako gazteen artean minbizia-prebalentzia geroz eta handiagoa dela, hormona-sorkuntza inhibitzeko farmakoak erabiltzen direla eta aldi berean gaixotasun kronikoak izan daitezkeela, menopausiaren sindrome genitourinarioa duten emakumezko pazienteen profila gero eta gazteagoa da.
Leire Goyeneche
Niri buruz
Obstetrizia eta Ginekologiako espezialista eta Medikuntzako doktorea naiz, eta oinarri sendoa daukat ikerketa eta endoskopia kirurgiko aurreratuan. Nire ikuspegiaren muina da zehatz-mehatz diagnostikatzea pelbiseko mina eragiten duten patologiak eta, ildo horretan, hurbilketa integral eta pertsonalizatu bat eskaintzea.
Kontaktua
Eskatu zure kontsulta
Bete formularioa eta ahalik eta lasterren zurekin harremanetan jarriko naiz zure hitzordua adosteko.

Eskatu zure lehenengo kontsulta