Endometriosiaren tratamendua
Gaur egun, mina maneiatzeko hainbat tratamendu daude, baina, zoritxarrez, horietako batek ere ez du gaixotasuna sendatzen.
Emakume batzuentzat funtzionatzen duen horrek agian ez du hain ondo funtzionatuko beste batzuen kasuan. Horregatik, tratamendu lehenetsia, neurri handi batean, emakume bakoitzaren helburuen, lehentasunen eta egoera pertsonalaren araberakoa izango da.
Tratamendu farmakologikoa
Tratamendu hormonala
Hormona bidezko tratamendua endometriosiko lehen aukerako terapiatzat hartzen da. Badakigu tratamendu hormonala behar duen gaixotasuna dela, eta, beraz, estrogenoen sorkuntza ziklikoa inhibitzeko tratamenduak minaren intentsitatea murriztea eta gaixotasunaren eboluzioa moteltzea dakar berekin. Min mota desberdinak (dismenorrea, pelbiseko mina, dispareunia) tratatzeko eraginkorrak dira. Talde horren barruan, eraginkortasun bereko hainbat aukera terapeutiko daude; alabaina, denek ez dituzte albo-ondorio berberak. Emakumearen ezaugarrien eta aldez aurretik erabilitako tratamenduen arabera aukeratuko da terapia, eraginkortasun berarekin albo-ondorio gutxien eragiten dituen farmakoa aukeratuta betiere.
Tratamendu ez-hormonala
Antiinflamatorio ez-esteroideoek edo beste analgesiko batzuek (bakarrik edo beste tratamendu batzuekin batera) hilekoaren mina arindu diezaiekete emakume batzuei.
Tratamendu kirurgikoa
Lehen, kirurgiak lehentasunezko lekua zuen endometriosia duten emakumeen tratamenduan. Gaur egun, jakina da kirurgiak, mina aldi baterako arindu dezakeen arren, ez duela sendatzen. Gainera, kirurgikoak ez diren beste tratamendu batzuen garapenak eta gaixotasuna hobeto ezagutzeak eragin egin dute kirurgia aukeratutako kasuetan baino ez gauzatzea.
Kirurgia eraginkorra izan da endometriosiak sortutako min mota guztietarako. Kirurgia konplexuak izaten dira, distortsio anatomikoa eta fibrosi larria duten kasuetan, bai eta egitura garrantzitsuei —hala nola hesteei edo ureterrari— eragiten dieten kasuetan ere. Horregatik, endometriosi-kirurgiak kirurgia ginekologiko aurreratuan adituak diren espezialistak behar ditu, eta, batzuetan, beharrezkoa izan liteke ginekologo, urologo eta zirujau orokorrak dituen diziplina anitzeko talde baten laguntza.
Endometriosiaren tratamenduaren gaur egungo gomendioa gaixotasunari ikuspegi integral mediko batetik heltzea da, ahalik eta kirurgia gutxien gauzatze aldera (ebakuntza bat baino ez bizitza osoan, ahal dela). Endometriosian aditua den ginekologoak eta emakumeak berak batera hartu behar dute tratamendu mediko eta kirurgikoei buruzko erabakia.
Beste tratamendu batzuk
Endometriosia duten emakumeek, askotan, osasunaren hainbat arlo biltzen dituen heltze bat izango dute. Horrela, diziplina anitzeko tratamendu bat eskaini ahalko da, beharrezkoa baita lagun egiteko eta bizi-kalitatea hobetzeko.
Fisioterapia
Pelbis-zoruan espezializatutako fisioterapia lagungarria da minak eragindako muskulu-tentsioarekin lotutako minak arintzeko. Baliagarria izan liteke pelbis-zoruaren sindrome miofasziala eta sexu-harremanak izatean sentitutako mina tratatzeko.
Nutrizioa
Ez dago ebidentzia nahikorik frogatzen duenik dieta jakin batek endometriosiari aurre egiteko onura argia dakarrela. Haatik, endometriosia duten emakume askok heste-alterazioak izaten dituzte, eta, beraz, hantura murrizteko eta hesteak zaintzeko dietak oso onuragarriak izan litezke zenbait emakumerentzat.
Tratamendu psikoafektiboa
Antsietate- eta depresio-egoerak garatzen dituzte askotan endometriosia duten emakumeek. Arazoari heltzea eta arazoa maneiatzea lagungarria da mina arintzeko.
Min kronikoa tratatzeko unitate espezifikoak
batzuetan, ohiko tratamendu mediko eta kirurgikoen mugak gainditzen ditu minak. Halako kasuetan, beharrezkoa izan liteke min kronikoan espezializatutako profesionalek (anestesistek) aztertzea, mina arintzeko tratamendu inbaditzaileak egite aldera.
Leire Goyeneche
Niri buruz
Obstetrizia eta Ginekologiako espezialista eta Medikuntzako doktorea naiz, eta oinarri sendoa daukat ikerketa eta endoskopia kirurgiko aurreratuan. Nire ikuspegiaren muina da zehatz-mehatz diagnostikatzea pelbiseko mina eragiten duten patologiak eta, ildo horretan, hurbilketa integral eta pertsonalizatu bat eskaintzea.
Kontaktua
Eskatu zure kontsulta
Bete formularioa eta ahalik eta lasterren zurekin harremanetan jarriko naiz zure hitzordua adosteko.

Eskatu zure lehenengo kontsulta